10 Iraila, 2019

Autoa Partekatzea, gaur eta biharko mugikortasuna

Orain 10 urte IBILKARI zerbitzua gauzatzeko lehen harriak jartzen hasi ginen. Eta hamarkada hau ospatzeko, orain zauden web berri hau egitea erabaki dugu.

Denbora tarte honetan zehar gauza dexente gertatu dira gure inguruan, arlo askotan gainera, baina guztien artean eta luze jo gabe bat aipatzekotan, autoaren kulturaren inguruan somatzen hasi den aldaketa nabarmendu nahi dugu.

Gorantza bait doaz autoaren jabetzaren aurrean alternatibak bilatzen dituzten herritarrak. Gazteen artean belaunaldi berri baten aurrean gaudela dioten ahotsak asko dira, baina baita beste adinetan nabari den kontu bat ere bihurtu dela dirudi.

Egoera ekonomikoek zer ikusi zuzena duten arren, jarrera berri hauen atzean, faktore sozial ugari daudelakoan gaude, giza-harreman eta kontsumo ohitura berriak eraiki eta bultzatzen dituztenak.

Hots, ‘gauzen internet’-ek gure gizartean ireki dituen aukerak, mugikor eta konektibitate adimentsuek sartu dituzten ohiturak, garraio modu berriak edota autoetan teknologia eta energía iturri berrien bilakaerak sortzen dituen zalantzak badute zer ikusia.

Gizartearen bilakaera horren ondotik, autogintzako adituek lau ardatz edo lan hildo dituzte begiz jota etorkizuneko ibilgailuari dagokionez, hau da, hauek Autonomoak, Elektrikoak, Konektatuak eta Partekatuak izango direla hain zuzen ere.

Nork esperoko zukeen Autoa partekatzea autogintzako helburuetako bilakatuko zenik ?

IBILKARIn ziur gaude mugikortasun kultura berri hau geldi ezina dela, baina baita ere, garbi dugu etorkizuna eskutik hartzea ezin bestekoa dela hori gertatu dadin.