15 Martxoa, 2022

Mugikortasunaren Aro Berrian Partekatzea Oinarri (II)

Orain dela hiruzpalau hamarkadan, garraiotik mugikortasunera egindako pentsamolde aldaketa bezalatsu, Mugikortasun belaunaldi berri bati bide egitea komenigarria izango litzateke. Ohituren inguruan aldaketak sustatzearen helburu duena eta eguneroko oinarrizko erabakietan iraultza txikiak sortuko dituen ekintzez osatua.

Mugikortasun aro berri honek, ibilgailu ekologiko eta kolektiboak eskuragarriago egin, eta lurralde/azpiegitura antolaketa hobea egiteaz gainera, eskaintzen diren baliabideez haratago begiratzea eskatzen du. Gizakiok aldaketarako dugun gaitasuna erdigunean jarri eta mugikortasun eskariaren kudeaketa ardatz hartuz, baliabideen erabilera adimentsu eta partekatzearen aukerari bide ematen dion pentsamoldea finkatuz. Honetarako beharko liratekeen ekimen, baliabide eta tresnak ahalbideratuz.

Ekologisten ametsa dirudien arren, mugikortasun ohiturak aldatzeko ekimenak egin ezean, gauzak antzera xamar jarraituko duten kezkaz gara. Belaunaldi berriek, autoari eta jabetzari diogun menpekotasuna gainditu beharra diogu. Horretarako ezinbestekoak diren herritarren arteko elkartasun eta iraunkortasunaren inguruko kontzientzia bultzatu beharra dago. Aldaketarako denok dugun gaitasuna mugiaraztea ezinbestekotzat izanez.
Herrialde asko dira horretaz jabetu eta norabide honen baitan lanean ari direnak. Mugikortasun partekatuaren aldarria erdigunean jarri eta teknologia berriei esker, garraio pertsonalaren eta kolektiboaren arteko muga horiek lausotzen hasiak direnak. Ondorioz, ibilgailu mota guztiak partekatu eta kolektiboki erabiltzeko aukerak, bizikidetzako parte bilakatu dira, udalerri askotako biztanleentzako. Azken baten, auto baten jabe izatea ez dela beharrezkoa konturatu dira, honen erabilera eta aukeraz baliatzeko.

Mugikortasun partekatuko ekimenak ugariak dira. Zin zinez, ekonomia partekatua deritzonaren ekosistemaren parte. Garraio publiko-kolektibo partekatzaileak, taxi kolektiboak, autoak partekatzeko ereduak (erakundeek bultzatutako ‘carsharing’-a edota auzokoen ibilgailuen erabilera partekatua), bizikleta partekatuak, bidaia partekatuak, mikro-mugikortasuna, etab., luze batez osatuak dira hain zuzen ere.

Hauek guztiei esker, dauden baliabide mugatuen eskuragarritasuna handitu eta erabilera eraginkorragoak egitea lortzen da. Horrez gain, ekimen hauek erabiltzen dituzten pertsonek, arreta eta kontzientzia handiago izatea lortzen dute autoaren erabileraren aurrean eta mugikortasun plangintza hobeagoa egiten dute. Honen ostean, ibilgailu pribatua erabiltzeak dakarren benetako kostu sozial eta ekonomikoaren ezagutza dago. Erabilera zentzudunagoa eta arduratsuagoa lortzeko.

Baliabide mugatuak zentzuz erabili eta gizarteari aukera berriak emateaz gainera, ekimen hauen inguruan egindako azterketen arabera, garraio publikoak betetzen ez duen hutsunea osatzeari laguntzen diote. Ibilgailu gutxiagorekin bizitzeko aukera eta gizarte pare-kidetuago bat garatzea bermatzeaz gainera. Kostuak partekatuz eta zerbitzuak arrazoizko prezioan ordaindu ahal izateko aukera eskaintzen dutelako.

Hauek esanda, ikuspegi honi babesa eman eta irmoki bultzatzeko prestutasuna azaltzen duten ekimenak bultzatzen gabiltza. Europako beste hainbat herrietan egiten ari diren bezala, Mugikortasun partekatuari ere Euskal Herrian lekua egitea posible dela sinetsita gaude, denon artean, mugikortasun aro berria garatzea lortzeko dugulako. Berandu baino lehen, aurre egin beharko diogun Garapen Iraunkorreko erronkei dagokion erantzuna eman ahal diezaiegun.